Bizi Baratzea

@bizibaratzea


Bizi Baratzea

22 Oct, 03:00


Egun on! Jakoba Errekondok gaur azaldu digu...

Hurrak nola jaso

🐿 Behin lurrera erorita ahalik eta azkarren bildu, hezetasuna har ez dezaten.

🐿 Oskol gogorraren gaineko azal biguna kendu. Erraz kendu ezin bazaio itsatsita dagoelako hur alea hutsa dago.

🔥 Zulatua dagoen hurra baztertu eta erre, hurraren gurgurioaren lana da, alea alferrik galdua dago.

🐿 Toki lehor eta freskoan jarri, ahalik eta hotzenean 12ºtik behera beti ere, 15ºtik gora ez. Gurgurioaren arrautzik edo harrik izanez gero hotzetan ez da haziko. Fruitu oliotsua da eta berotasunean egonez gero erraz zaharminduko da.


🖋 Harizti borobil bat mugari. Jakoba Errekondoren artikulua: https://labur.eus/KGCAI

Bizi Baratzea

21 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondok gaur azaldu duen lan berezia:

Uraza edo letxuga haziak jaso

🥬 Ondo burutu ondoren garatu den uraza aukeratu.

🥬 Gara luzea ematen du eta makila bati lotu.

🥬 Lumatxodun haziak hasten direnean bildu daitezke, behin edo agian 2-3tan.

🥬 Landarearen inguruan lurra estali eta gararen adartxoak eskutan estutu haziak estalkira erortzeko. Haziak kutxatxo batean jarri eta putz egin lumatxoak kentzeko. Ondo lehortzen utzi (kontuz txoriekin) eta jaso.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#lan-bereziak

Bizi Baratzea

20 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondok azaldu digu:

Nola zaindu begonia orinduna (Begonia maculata)

Brasildik mundu guztira zabaldu da etxe barruko eta kanpoko landare eder hau.

🪴Argi asko behar du. Beraz, etxeko leku argitsuenean jarri. Eguzki ahulean ordu batzuk igaro ditzake, galdatan ez ordea. Kanpoan toki babesean ederki bizi daiteke. Hostoen kokapena orekatu nahi izanez gero, noizbehinka loreontzia giratu.

🪴Toki bero eta lehorrak ez ditu atsegin. Lurra heze mantentzea garrantzitsua da. Udan lurrazala lehortu ahala ureztatu. Neguan ur gutxi behar du, baldin eta toki bero-­beroan ez badago. Inguruko airea lainoztatu, baina hostoak zuzenean sekula ez, gaitzek segituan erasotuko liokete-eta.

🪴Tarteka kimatu, loraldiaren ondoren batik­ bat, landarea ez zarpailtzeko. Urtean behin behinik bai, udaberri hasieran.

🪴Udaberriro lurra berritu.

Ugalketa: Hostoa lurrean sartu erdiraino edo zurtoineko kanabera aldaxka gisa landatu udaberri-­udan.

https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#lan-bereziak

Bizi Baratzea

19 Oct, 03:01


Egun on! Nahi ez duzun tokian hazitako belarrak nola kendu pentsatzen ari zinen? Jakoba Errekondok erremedioa emango dizu:

Intxaurrondoaren hostoak herbizida

🌳Intxaurrondoaren hostoek gai pozoitsu bat dute, juglona, eta inguruko landareei kalte egiten diete. Intxaurrondoak hostoak askatzen dituenean bere azpian on egingo dute, ongarri alegia, baina beste landare askok ez dute maite bere azpian, ez lorategian, ez baratzean. Zer egin beraz hosto horiekin? Luar pilara? Landareen azpiak egiteko?

🌿 Hostoak xehetuta (belarra mozteko makinarekin, adibidez), herbizida bezala erabili daitezke. Juglonak haziak ernatu eta landaretxo berriak haztea eragozten du.

🛤 Landareak kaltetzeko tokietan erabili: bide zidorrean, bide ertzean, hesi baten azpian, hormaren kontra... belarrik sortzea nahi ez dugun tokietan hedatu.


https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#lan-bereziak

Bizi Baratzea

18 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondoren gaurko lan berezia:

Porruak luzeago zuritu

⚪️ Porruaren zati zuria finagoa dela diote, mikaztasun goxoagoa duela, alde berdeak baino.

⚪️ Zuriagoa izateko porrua sakonago landatu daiteke. Jorratu ere egin ohi da, lurreztatuz. Beste era bat porru tartean materia organikoa jartzea da: adar txikitu luartuak, orbela…

⚪️ Udazkenean porrua ondo errotua dagoenean, errenkada tarteak harrotu eta landare ipurdiak estali.

⚪️ Argia kenduko dio zurituz eta jakiak emango dizkio.

🖋 Eskinko hiruhatza: lau hanka txiki gorputz bat azkarra egiteko. Iñaki Sanz Azkueren artikulua: https://labur.eus/jsELb

Bizi Baratzea

17 Oct, 03:01


Egun on! Gaur Jakoba Errekondok erremedioa eman digu xomorro honentzako:

Azaren harra

🐛 Tximeleta zuri baten harrak bortizki erasotzen du aza jendea.

🐛 Tximeletak hori koloreko arrautzak erruten ditu multzoka hostoen azpietan eta denak batera jaiota sarraski handiak eragiten dituzte. Hostoa hozkaka jaten dute, erabat zipiztu arte.

🐛 Harrak ikusiz gero errautsa banatu gainean, hostoak zikinduz. Hozkada egiterakoan hostoaren zatiarekin batera errautsa ahoratu behar du eta atzera egiten dute.

🖋 Lantokietako isilpeko doluak. Josebe Blancoren artikulua: https://labur.eus/73OqY

Bizi Baratzea

16 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondok ohartarazi digun gaurko lan berezia...

Ontzietako loreak negurako prestatu

🪴Ontzietan bizi diren landareek bizimodu zailagoa dute. Hotzarekin gehiago sufrituko dute eta ontzia bera eta lurra ere hoztuko direnez, babestu egin behar ditugu.

🪴Landare arruntak toki babes batera mugitu: aterpera, etxearen teilatu-hegalaren azpira, negutegira...

🪴Mugitu ezin badira, aterpearen lana egingo duen zerbait antolatu plastikoarekin edo dena delakoarekin.

🪴Negua amaitzen denean adarren bat izoztu edo erre bada, berdea dagoen tokitik moztu eta berrituko da.

🌸Lurpean erraboilak dituztenen kasuan, begoniak adibidez: lurretik atera landare osoa, lur gehiena kendu eta toki babes batean lehortzen utzi 2-3 astez. Landarea ihartu denean erraz askatuko da erraboilatik, hau garbitu eta paper artean kartoizko kutxa batean jaso kanpoan, freskuran izotzetik urrun. Udaberrian landatuko dugu.

🖋 Pirinioetako abeltzainek hiltegi proiektua abiatu dute Garazi Zabaletaren artikulua: https://labur.eus/7NGPT

Bizi Baratzea

15 Oct, 03:00


Egun on! Hauxe udazkeneko lan berezia gaur Jakoba Errekondok ekarri diguna...

Orbelak eta adarrak

🍁 Urte sasoi honetan erraza da orbela eskuratzea.

🍂 Inguruan ditugun zuhaitz, zuhaixka, arbola, eta abarrek askatzen dituzten hostoak bildu eta ondo jaso. Baita adarrak, baratzean sortzen diren zuztar, barazki, hondar eta abarrak ere.

♻️ Material hau oso egokia da urte osoan luartokira botako dugun materiala osatzeko.

♻️ Luartokirako gaiak berdeak eta nitrogenoz aberatsak izan ohi dira: sukaldeko hondakinak, baratzeko belar eta abar. Hauei orbela bezalako material lehor, harro eta karbonoz aberatsa nahasiz gero, luarra askoz hobeto egingo da.

♻️ Material hori soberan badugu, edota luarrik egiten ez badugu, bazter batean usteltzen utzi, lur ustela sortuko da eta bera izango da ongarri ederra bai baratzean, bai fruitu arboladian, baita lorategian ere.

🖋 Zainzurien skotomorfogenesia eta fotomorfogenesia Jakoba Errekondoren artikulua: https://labur.eus/DPrIk

Bizi Baratzea

14 Oct, 10:59


https://azoka.argia.eus/produktua/hazien-liburua/

Bizi Baratzea

14 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondoren gaurko lan berezia...

Idi-bihotzak edo tulipak landatu

🌷 Tulipak edo idi-bihotzak eta udaberrian loratuko diren erraboilak jartzeko sasoia da.

🌷Udazken osoan landatu daitezke baina aurrea hartzeak abantailak ditu: lurra erabat hoztu aurretik jarrita landarea indartsu iritsiko da lorealdi sasoira.

🌷Lur harroa eta aberatsa gustatzen zaio.

🌷Ahalik eta toki eguzkitsuenean jarri, hobeto etorriko da eta loreek beste distira bat izango dute.

https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#lan-bereziak

Bizi Baratzea

13 Oct, 03:00


Egun on! Jakoba Errekondoren azalpena:

Nola zaindu begonia hibridoa (Begonia x tuberhybrida)

🪴Etxe barruko eta kanpoko landare honek argi handia behar du. Beraz, etxeko leku argitsuenean jarri. Eguzki ahulean ordu batzuk igaro ditzake; galdatan ez ordea.

🪴Zikloa udaberritik udazkenera garatzen duenez, garai horretako tenperaturak egokiak dira (15-25 ºC). Neguan, jarraitu nahi izanez gero, 13 °C-tik behera sekula ez eduki.

🪴Bustialditik bustialdira lurra zertxobait lehortzen utzi. Lurpean tuberkulua duenez, ahal bada goitik sekula ez ureztatu, beti behetik, hura ustel ez dadin.

🪴Inguru lehorrean kontuz, laster soilduko da-eta. Inguruko airea noizbehinka lainoztatu, baina hostoak sekula ez.

Ugaltzeko: tuberkulua landatu eta kimu berriak aldaxka gisa erabili. Tuberkuluak erosiz gero: martxoan landatu eta kimuak 5-8 cm garatu direnean, loreontzira birlandatu. Loraldia amaitu eta hostaila zimeltzen denean hostoak ebaki, tuberkulua lurretik atera eta lur arin eta lehorrean jaso hurrengo martxora arte.

Bizi Baratzea

12 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondok erremedioa eman digu...

Babarrunaren gurgurioa kentzeko

🫘 Babarruna jasotakoan erasotzen duen gurguriorik ez izateko, ondo itxi daitekeen poto batean hirutik bi bete alearekin eta gainean alkoholetan bustitako kotoia jarri.

🫘 Alkoholari su eman eta berehala potoa itxi. Oxigenorik gabe geratuko da eta arrautza, harra edo gurgurioa bera hilko du.

🫘 Potoa itxita mantendu, kanpotik kutsatu ez dadin.

https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#lan-bereziak

Bizi Baratzea

11 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondoren gaurko lan berezia:

Lehen babak eta ilarrak erein

🟢 Ez nahastu eta ez dakizula oharkabean pasa: dagoeneko baba eta ilarra ereiteko sasoia etorri da.

🟢 Baba nahi duzuna, freskotarako handia edota eltzekaritarako baba txikia, baina ilarrak handienak, bi metroko zarba egiten duten ilar tzarrak erein daitezke orain. Ziklo luzea dute, eta hotza etortzerako ederki errotuta izango dira eta lekak ematen lehenak izango dira. Gero neguan ziklo motzekoak ereiten dira.

🟢 Ez nahastu, biak ilgoran erein (urriaren 12ko goizeko 5:14 arte da aurten urriko ilgora). Otsailaren hasiera arteko ilgorak baliatu ereintza hauetarako. Baba txikia, baina, ahalik eta azkarren erein.

🖋 Eztena, marmokena ez dena Eneko Bachillerren artikulua: https://labur.eus/3wxFi

Bizi Baratzea

10 Oct, 03:02


Egun on! Jakoba Errekondoren gaurko jakingaia:

Sagarrak nola jaso

🍎 Gorde-sagarrak edo altxa-sagarrak dira negurako jasotzen diren sagarrak.

🍎 Ahalik eta beranduen bildu: lurretik ez jaso, arboletik hartu, mailatu gabekoak, eguraldi lehorrarekin eta ihintza lehortu denean.

🍎 Apaletan edo kaxetan zabaldu, gela ilun eta aireztatu batean. 1-5º inguruan mantentzea onena eta hezetasun pixka batekin.

🍎 Txortena gora dutela jarri. Txortenik gabekoak jan lehenak, txortena galtzean zauritxoa egiten baita eta alferrik galtzeko arrisku handiagoa dute.

🍎Maiz miatu eta ustel arrastoren bat azaldu ordurako sagar hori kendu.

🖋 Udazkeneko garbiketa
Garbiñe Larrearen artikulua: https://labur.eus/znwCi

Bizi Baratzea

09 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondoren gaurko lan berezia:

Hortentsiak landatzeko sasoia da

Toki oso hotzean urrian hasi daiteke landaketa. Toki epelagoetan negu osoan egin daiteke.

🪴 Udazkeneko landaketa egiteko landarea loreontzian izan behar da, sustrai guztiekin landatzeko.

🪴 Neguan, aldiz, lurretik atera eta sustrai bistan dagoen landarea landatu daiteke.

🪴 Hortentsia behar bezela edertzeko gakoa toki egokiaren aukeraketa da. Hortentsia arruntak ez du eguzkia maite. Erdi itzaletan bizi eta loratzen da ondoen. Badira, baita eguzkitarako moduko barietateak, gure artean berri samarrak direnak.

🖋 Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea Garazi Zabaletaren artikulua: https://labur.eus/CbPyO

Bizi Baratzea

08 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondoren gaurko jakingaia:

Zerrautsa lurrari

Zerrautsa bizidun batetik datorren hondakin organikoa da eta zuzenean lurrari emateko modukoa. Berari nahastuta edo gainean, beti nitrogenodun ongarri pixka bat erantsi (hegazti zirina oso egokia da, baina edozein simaur edota luar izan daiteke) bestela usteltzeko behar duen nitrogenoa lurretik hartzen du, landareek behar dutena janez. Usteldura hori osatu ondoren bera izango da ongarri.

🍓Lur azidozaleak direnek gustuko dute: ahabia, mugurdia, marrubia, hortentsia, kamelia, txilarra, errododendroa…


🖋 Lezkarekin sagardo hobea Jakoba Errendoren artikulua: https://labur.eus/eMqkI

Bizi Baratzea

07 Oct, 03:01


Egun on! Hauxe Jakoba Errekondok proposatutako gaurko lan berezia:

Lore landareak ugaldu

Lore baratzea osatzen duten landare ohikoenak ugaltzeko sasoia da. Honetarako era errazena erabiltzen da: aldaxka. Arrosondo, hortentsia, geranio, begonia, krabelin, fuxia eta abar orain ugaldu daitezke:

🌸 Aurten hazitako adarrak moztu, muturreko bi hostorekin, edo handiak badira bakarrarekin utzi.

🌸 Dilista ur edo sahats ur edo hormonetan busti ebakia.

🌸 Lur heze eta gozoan zotz batekin zuloa egin ondoren sartu.

https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#lan-bereziak

🌸 Lurrari heze eutsi dilista edo sahats urarekin ureztatuz.

🌸 Neguan toki babesean eduki.

Bizi Baratzea

06 Oct, 03:01


Egun on! Jakoba Errekondoren eskutik:

Nola zaindu begonia erregina (Begonia rex)

Etxe barruko landare honek sona handia du lorezaleen artean, izan ere bere hosto handiko multzoa nabarmena da eta kolore nahasketa desberdin askotakoak topa daitezke.

🪴 Argitasun handia atsegin du. Beraz, etxeko toki argitsuenean jarri, baina inolaz ere ez eguzkiak joko duen tokian, erre egingo litzateke-eta. Pixkanaka toki ilunxeagoetara ere ohitzen da. Hostoen kokapena orekatzeko, noizbehinka loreontzia biratu.

🪴 Toki bero eta lehorrak ez ditu atsegin. Lurra heze mantentzea garrantzitsua da. Udan lurrazala lehortu ahala ureztatu. Neguan ur gutxi behar du, baldin eta toki bero-beroan ez badago. Inguruko airea ihinztatu, baina hostoak zuzenean sekula ez, gaitzak segituan erasoko lioke-eta.

🪴 Udaberriro lurra berritu, bestela zeharo zarpaildu eta desitxuratzen da-eta.

🪴 Ingurua heze mantentzeko, lurrazalean goroldioa jarri ohi da. Hau ere urtero berritu.

https://bizibaratzea.eus/garaiko-lanak#lan-bereziak

Bizi Baratzea

05 Oct, 03:00


Egun on! Jakoba Errekondoren gaurko lan berezia:

Mugurdiondoak inausi

🔴 Fruitua emateari uzten dio mugurdiondoak egunak mozten direnean.

🔴 Udazkeneko izerdialdia baliatzeko, fruitu aldia amaitzean inausi egiten da.

🔴 Adar zaharrak behe-behetik moztu behar dira eta gazteak, azal lehuna dutenak utzi. Moztutakoen ipurditik berriak sortuko dira.

🔴 Horrela hurrengo udaberrian loreak eta aleak emango dituzten adar berri gazteak izango ditu.


🖋 Oreina ala orkatza da? Irati Diez Virtoren artikulua: https://labur.eus/mWsNW